XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

MENDEBALDEKO EUROPAREN INDARTZEA ETA ZABALTZEA.

MERKATALGO MOTA BERRI BAT.

BIZITZA URBANOA ETA GOTIKOA.

XI. mendetik XIII-era feudalismo garaiko autokontsumo ekonomia gainditzen hasiko da.

Hain zuzen hiriak berragertzen direnean lanaren banaketa eta elkartrukaketa sistemaz ere aldatuko dira.

Landa feudalak lehen gaiak sortuko ditu, eta hiriak eskuz egindako gauzak (manufakturak).

Era honetan merkatalgoa berpiztuko da, haseran merkatalgo hau landa eta hiri artean egiten zen, baina gerora merkatalgo honek indarra hartuko du eta zabaldu egingo da.

Hirietan bilduko diren artesau eta merkatariak diruaren bitartez aberastuko dira eta honela burgesia izeneko gizarte maila berria sortuko da.

Burgesia honek kultura eta arte mota berriak ekarriko ditu.

Kultura berri hau unibertsitateen bidez zabalduko da, eta arte mailan sortuko den estilo berria gotikoa izango da.

Estilo honetan egingo dira hiriak beharko dituzten etxe berriak, adibidez katedralak, udaletxeak eta lonjak.

Bestaldetik, garai hartako pentsakeran Elizak eragin haundia izango du.

1.- Kronologia eta inguru geografikoaren zabaltzea.

XII. mendetik aurrera Europan hiriak berragertuko dira eta ondorioz lanaren banaketa zehaztuko da.

Produkzio molde feudala krisian sartuko da eta horrela jarraituko du XVIII. mendearen bigarren zatirarte, eta bitartean Inglaterrako iraultza industrialarekin erabat sendotuko den produkzio molde kapitalista sortuko da.

Guk hemen ez dugu gai hau osorik aztertuko, Europako Erdi Arora mugatuko gara, hau da, XII. mendetik XV. mendera bitartean.

Garai honetan feudal giroko Europa geografia aldetik zabaldu egingo da.

Gurutzadei esker (XI-XIII. mendetan) Mediterraneo itsasoa berriro irekitzea lortuko da eta Ekialde Hurbileko lurraldeekin harremanak berpiztuko dira.

Baina ez bakarrik Sortaldearekin, Ifarraldearekin ere bai.